Ekilibria

7 gako prebentzio kardiobaskularrerako

Infartuen % 90raino prebeni daitezke ohitura batzuk jarraituz gero, esaterako kirola maiz egitea edo tentsio arteriala kontrolpean edukitzea.

Sistema kardiobaskularrarekin lotutako patologiek gure herrialdeko hamar heriotzatik hiru eragiten dituzte, minbiziaren (% 26,36) eta arnas sistemako gaixotasunen (% 12,27) aurretik. Horrela jasotzen du Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) argitaratu duen azkeneko txostenak. Albiste ona haietako asko prebeni daitezkeela da. Hain zuzen, infartu gehienak arrisku kardiobaskular klasiko, ezagun eta aldagarriei lotuta daude, eta horrek esan nahi du portzentaje handi batean ekidin daitezkeela faktore horiek zainduz gero. Artikulu honek haietako zazpi azpimarratzen ditu.

Espezialistek ziurtatzen duten moduan, gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiteko modurik eraginkorrena prebentzioa oinarrizko tresna moduan erabiltzea da. “Bihotz-gaixotasunen % 80 eta infartuen % 90raino bizitza-estilo osasungarri batekin prebeni daitezke”, gogoratu du Carlos Macaya doktoreak, Espainiako Bihotzeko Fundazioaren lehendakariak.

 

1. Kirola maiz egitea.

Kirol-errutina bat edukitzea ezinbestekoa da bihotza zaintzeko. Baina astero kirol pixka bat egitea ez da nahikoa. Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du 5 eta 17 urte bitarteko haurrek eta nerabeek egunero behintzat 60 minutuz egin dezatela jarduera fisikoa, intentsitate moderatutik indartsura, bereziki aerobikoa. Helduen kasuan, berriz, gomendatzen da astero behintzat 150 minutuko jarduera fisiko aerobiko moderatua edo 75 minutuko jarduera bizia egitea.

 

2-Pisuarekin erne.

Pisua, gorputzeko gantz-proportzioa eta haren banaketa zaintzea estrategia on bat da gaixotasun kardiobaskularrari aurre egiteko; izan ere, gizentasuna arrisku kardiobaskularreko faktoreetako bat da, eta, gainera, beste arrisku-faktore batzuekin eta diabetesa eta hipertentsio arteriala bezalako gaixotasunekin lotuta dago.

Pertsona batek pisu osasungarria duen jakiteko formula erraz bat aplikatu behar da, hots, Gorputz Masaren Indizea (GMI): pisua (kilotan) zati garaiera (metro karratutan). Adibidez, 70 kilo pisatzen baditugu eta 1,75 metro neurtzen baditugu, ekuazioa honela litzateke: 70 zati 3,0625= 22,9 kg/m 2. Pisu osasungarritzat jotzen da GMI 18,5 eta 24,9 kg/m2 artekoa izan dadila. Parametro horretan gerriaren perimetroa aintzat hartu behar da, arrisku kardiobaskularraren aldetik sabelaldean gehiegizko gantza metatuta edukitzea kaltegarriagoa izan baitateke gorputzeko pisua bera baino. OMEren arabera, hurrenez hurren 88 cm-tik eta 102 cm-tik gorako perimetroa duten emakumeek eta gizonek patologia kardiobaskularra jasateko arrisku handiagoa dute, besteak beste.

 

3. Kolesterol-mailak.

Odol-kontzentrazioak osasungarritasun-mugak gainditzen baditu (kolesterol “txarra” (LDL) gainetik eta kolesterol “ona” (HDL) azpitik), kolesterolak arterietan haiek gogortzen eta estutzen dituen plaka bat sor dezake; ondorioz, bihotz-muskulura odol-fluxu gutxiago iritsiko da eta odolbatuak eratzeko probabilitate handiagoa dago. Hori kontrolatzeko barazkiak, frutak, lekaleak, fruitu lehorrak, oliba-olio birjina estra eta arrain zuria kontsumitu behar dira, eta kirola egin behar da.

 

4. Tentsio arteriala kontrolatzea.

Hipertentsioa dutenek sei aldiz arrisku handiagoa dute garuneko infartua jasateko. Hipertentsioa prebenitzeko eta kontrolatzeko jarraibide hauek bete behar dira: egokiro atseden hartzea eta estres-egoerak saihestea; dieta mediterraneoa jarraitzea; gatz-kontsumoa murriztea, garrantzitsua da jakitea kontsumitzen dugun gatz gehiena ez dela gatzontzikoa, elikagaietan ezkutuan dagoena baizik (ogiak, gailetak, zizka-mizka gaziak, hestebeteak, gazta onduak, aurrekozinatuak eta janari prestatua…); alkohola eta tabakoa uztea; eta kirola egitea. Baina bada beste praktika bat, aurrekoak bezain garrantzitsua dena: tratamendua jarraitzea medikuak beharrezkoa dela erabakitzen badu.

 

5.Diabetesa prebenitzea.

Diabetesa prebenitzeak eta kontrolatzeak gaixotasun kardiobaskularra jasateko arriskua % 42raino murritz dezake, eta infartua, iktusa edo arrazoi kardiobaskularraren ondorioz hiltzeko arriskua % 57ean. Horregatik, gaixotasuna dutenek medikazioa hartzeaz gainera (medikuak hala erabakiz gero) ondorio kardiobaskularrak prebenitzen laguntzeko gomendio batzuk jarraitu behar dituzte (elikadura osasungarria, kirola maiz egitea, ez erretzea). Jarraibide horiek 2 motako diabetesa prebenitzeko ere balio dute.

 

6. Familia-aurrekariak

Pertsona orok aipaturiko arrisku-faktoreak kontrolatu behar ditu gaixotasun kardiobaskularrak ekiditeko. Baina kontrol handiagoa jarraitu behar dute eta espezialistak zehaztutako aldizkako azterketak egin behar dituzte familia-aurrekariengatik arrisku handiagoa duten pertsonek, esaterako lehen mailako gizonezko (aita edo anaia) edo emakumezko (ama edo ahizpa) senide batek 55 urte eta 65 urte baino lehenago hurrenez hurren infartua sufritu izana.

 

7. Tabakoa uztea.

Erretzeari utzi eta urtebetera, arnasa nabarmen hobetzeaz gainera gaixotasun koronarioa jasateko arriskua % 50 murrizten da, erretzaileekin alderatuta.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
114027