Duela hilabete eskasetik hona, bere genoman aurki dezakezu erantzuna. Orduan, deskribatu eta argitaratu baitzen.
Barazkien genetika-ingeniaritzako ikerketak aukera doaz. 2016an, azenarioaren txanda izan zen, eta genoma ezagutu ahal izan genuen Wisconsin-Madisongo Unibertsitatean (AEB) egindako ikerketa bati esker. Orain arte deskribatu diren barazki guztien genomekin bezala, informazio horren helburua da laborantzak hobetzeko erabiltzea, gaixotasunen aurrean sendoagoak egitea eta elikagaien xehetasunak ezagutzea. Adibidez, zergatik duten kolore hori eta zein elikadura-balio dituzten. Balio horiek geroz eta preziatuagoak baitira ekoizleen eta kontsumitzaileen artean. Artikulu honetan azenarioen sekretu batzuk azaltzen dira eta DNAk nolako papera izan duen frutak eta barazkiak hobetzean.
Elikagaien geneek oso informazio baliotsua ematen digute, hala nola, zergatik hartzen duten itxura jakin bat, zerk eragiten duen elikadura-propietate batzuk izatea eta ez beste batzuk, zergatik duten gaixotasun batzuez kutsatzeko joera edo zergatik dituzten forma eta kolore jakin batzuk. Barazkien genomen deskribapenean egindako aurrerapenak oso aberatsak izan dira azken urteetan: sagarrak, muxikak, tomateak, arroza edo artoa izan dira orain arte identifikatu diren genometako batzuk (gaur arte 100 landare-genoma baino gehiago sekuentziatu direla kalkulatzen da).
Azkenak, Nature Genetics aldizkarian argitaratu denak, azenarioaren eboluzioaren jatorriari buruzko zenbait jakingarri baititu, zergatik diren laranja eta zein elikadura-balio dituen. Azenarioak Apiaceae familiaren taldekoak dira, apioa, perrexila, mihilua, martorria, ezamihilua eta txiribia ere familia berekoak dira.
Azenarioaren sekretuak
Ikerketaren arduradunentzat, azenarioaren (Daucus carota) genomaren lehen sekuentzia osoa une horretara arte azaldutako barazki-genetikaren analisi osoena zen. Ikertzaileek 32.000 gene baino gehiago identifikatzea lortu dute azenario laranja batean. Gainera, azpiespezie desberdinen (basatiak eta landatutakoak) 35 laginen genomak sekuentziatu dira, nola garatu ziren ulertzeko saiakeran.
Aurkikuntzetako bat izan zen kolore laranja ezagun hori ematen dioten betakarotenoen kontzentrazio handiaren ardura duen genea azenarioaren sustraietan dagoela jakitea. Giza-gorputzean A bitamina bihurtzen den eta frutei eta barazkiei kolore hori-laranjak eta gorriak ematen dizkien pigmentu hori karotenoide deritzen jatorri naturaleko ehunka pigmentu mota bat da. Berritasuna, ordea, azenarioaren sustraietan pigmentu karotenoideak pilatzeko baldintzak sorrarazten dituen genea identifikatzea izan da.
Asia erdialdean duela mila urte inguru landatu zituzten azenario horiak eta moreak eta, XVI. mendearen amaiera aldera, Herbehereetan bertsio laranja bat agertu zela kalkulatzen da, azenario horiak eta moreak gurutzatu ostean. Gainera, badakigu azenarioa duela 113 miloi urte “bereizi” zela mahatsetik eta duela 10 miloi urte kiwitik.
Lan zientifikoaren arduradunek ziurtatzen dutenez, azenarioaren genoma “nahikoa txikia” da. Aurkikuntzaren helburuetako bat ekoizleek informazio hori gaixotasunen aurka sendoenak diren landareak hautatzeko erabiltzea da.
Landareen DNA
Landareen ikerketa genetikoari esker, hainbat barazkiren informazio garrantzitsua ezagutu ahal izan da. Geneak nola interaktuatzen duten argitzeaz gain, bakoitzaren banako efektuak ere zehaztu ahal izan dira. Taldean jarduten dutenean, geneek sistemak eratzen dituzte laborantzen errendimendua zehazten duten ezaugarriak zein diren, gaixotasun jakin batzuen aurka duten erresistentzia edo zein elikagai jakin dituzten deskribatzen dutenak hein handi batean. Adituentzat, genomika bezalako teknikek ekoizpena hobetzen dute, eta kontsumitzaileek egindako geroz eta eskaera handiagoetara egoki daitezke.
Elikagaien genomari buruzko azterketak, elikagaiei buruzko informazio xehatua emateaz gain, ekoizpen-mailak mantendu ahal izateko aldaera berriak sortzeko garrantzia ere nabarmentzen dute. Alor horretako ikerketak, batez ere, frutak eta zerealak bezalako elikagai-propietateen molekula-oinarri arduradunak zein diren ulertzean jartzen du arreta. Barazkien genetikak, gainera, barazkiek dituzten aurkako baldintzak gainditzen laguntzen diete, adibidez, klima-aldaketa.
Aukeratu ongi azenarioak
Azenarioak urte osoan zehar eskura daitezke, nahiz eta sasoia udaberri amaiera aldea izan. Sasoi horretakoak txikiagoak eta gozoagoak izan ohi dira.
Erosteko unean, azal leuna, kolore laranja eta testura sendoa dutenak aukeratu beharko dira. Bestalde, baztertu azal zimurtua eta orbaindunak dituztenak. Hosto berdeek freskotasuna adierazten dute.
Etxean, toki fresko eta aire askokoan egon behar dira, eta aldez aurretik azala garbitu behar zaie zapi batekin (ez da beharrezkoa ura erabiltzea). Baldintza egokietan, aste ugariz iraun dezakete. Hozkailuan ere gorde daitezke.