Ekilibria

Babarrun-barietateak

Babarrunak “Phaseolus” taldearen barruko haziak dira, eta barietatearen eta jatorriaren arabera, izen desberdinak ematen zaizkie, esaterako: babarrun, “frijol”, baba edo fabe. Hauek dira barietate nagusienak:

  • Giltzurrun-babarrun zuriak. Aleak zuriak, biribilak, potoloak eta handiak dira. “Gurinezko” gisa ere ezagutzen dira. Ekoizpen-eremurik onena La Bañeza (Leon) da. Kalitatea tartekoa da, eta kontserban merkaturatu ohi dira, nahiz eta beste babarrun zuri mota batzuen lekua hartzen ari diren, prezio txikiagoa dutelako.
  • Fabea. Barietate honen alea zuzena da, zuria, luzea eta laua. Tamaina handia du, eta Asturiasen landatzen da batez ere. Fabada famatuan gehien erabiltzen den lekalea da. Kalitate handiko lekalea denez, prezio handia hartzen du merkatuan.
  • La Granjako baba handiak. Babarrun zuriak eta handiak dira hauek ere. Giltzurrun-babarrun zurien kasuan, 160 babarrun inguru daude 100 gramotan, eta baba handien kasuan, berriz, 40 babarrun. Segoviatik datoz. Kalitate oso ona eta egokia dute haien jatorrizko lekuan.
  • Kapar-alea. Aleak gorriak dira, hondo zuriarekin, eta tamaina ertaina dute. Errioxan (Anguiano herrikoak famatuak dira) eta Burgosen ekoizten dira nagusiki. Babarrun hauekin, “olla podrida” izeneko platera egiten da.
  • Palmatar jaspeztatua. Ardo-kolorea dauka, hondo arrosarekin, eta luzanga eta handia da. Leonen ekoizten da, baina Kantabrian, Gipuzkoan eta Bizkaian kontsumitzen da gehien. Leongo babarrun pikartarekin batera, hau da gehien eskatzen dena. Desberdintasuna da Leongo pikarta biribilagoa eta txikiagoa dela.
  • Tolosarra. Aleak gorri ilunak dira, ia biribilak eta potoloak. Tamaina ertaina du, eta babarrunik preziatuena eta eltzekoetan gehien erabiltzen dena da.
  • Beltza. Kolore beltzekoa da. Gainontzekoek baino fekula gehiago dauka. Gutxi kontsumitzen da.
  • Garrafó. Valentziako zonaldean baino ez da erabiltzen kasik, paellak egiteko. Handia eta koipetsua da, eta aleak berdexkak edo zuriak izan daitezke.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
67620