Zenbait bitamina eta mineralen iturri garrantzitsua den haragi zuria da.
Untxiaren haragiaren nutrizio-konposizioa eta ezaugarriak desberdinak dira, animalia baserrian hazi ala aske bizi eta larretan lortutako produktuekin elikatu den.
Jatorria, aniztasuna eta motak
Untxia oso antzinako espeziea da, eta Europan bizi zen historiaurrean jada, Frantzian eta Belgikan, besteak beste. Beranduago, Iberiar Penintsulara iritsi zen, eta, bertatik, Afrikara eta Amerikara hedatu zen. Erdi Aroan etxekotzen hasi zen, bai eta kaioletan hazten ere. Haren hazkuntzari kunikultura (untxi-hazkuntza) deitzen zaio.
50eko hamarkadan untxi-hazkuntzaren sektorea modernizatzen hasi zen Espainian, eta 60ko hamarkadan ekoizpena areagotu zen. Orduz geroztik, familia-ustiapen asko azienda industrial bilakatu dira, nahiz eta oraindik ere faktoria txiki asko dagoen.
Untxi-arraza asko daude, baina nabarmenenak mendiko eta baserriko untxia dira.
– Baserriko edo etxeko untxia (Oryctolagus Cuniculus): baserrietan hazten diren untxiek aske hazten direnek baino koipe gehiago dute orokorrean. Haien haragiak kolore arrosa argia dauka, eta testura samurragoa ere bai, animalia zahartu ahala gogortzen doan arren. Modu intentsiboan hazten da, mendikoa baino denbora gutxiagoan, eta zapore suabeagoa dauka.
– Mendiko edo larreko untxia edo untxi basatia (Oryctolagus Cuniculus Algirus): espezie honetako aleak baserrikoak baino arinagoak eta meheagoak dira. Haragi gogorragoa dute eta zapore handiagoa, mendian kontsumitzen dituzten barazkiak direla eta. Haien haragia baserriko untxiarena baino gorrixkagoa da eta koipe gutxiago dauka.
Nutrizio-balioa
Erosi ohi dugun untxia baserrikoa izaten da. Haragi ihar eta biguna duenez, erraz murtxikatzen da. Kalitate oneko proteinak ditu, gainerako haragien kopuru antzekoetan.
Mineralei dagokienez, azpimarratzekoa da duen potasio edukia, beste haragietan baino ugariagoa baita untxian. Azpimarratzekoa da ere haragi mota honen fosforo eta kaltzio edukia. Untxi-haragiaren sodio-ekarpena neurrizkoa da. Bitamina-edukiari dagokionez, B taldeko bitaminak nabarmentzekoak dira, batik bat B3 eta B12. Untxi-haragia da B3 bitaminaren iturri nagusia haragi-produktuen artean, eta B12 bitaminarena ere bai, basurde-haragiaren ostean.
Osagaiak jateko 100 gramoko
Kontsumitzearen abantailak eta desabantailak
Untxia haragi zuria da, eta, beraz, modu sinplean eta gehiegizko koiperik gabe prestatuz gero, kontuan hartzeko jakia da kaloria gutxiko menuetan. Haren nutrizio-konposizioarengatik, koipe gutxiko dietetan eta kolesterola dutenen kasuan gomendatu ohi da, arazo kardiobaskularrak daudenean. Haragi zuria denez, haragi gorriek baino azido uriko gutxiago du, eta, hortaz, hiperurizemia edo hezueria dutenentzat egokia da.
Haragia biguna eta murtxikatzeko erraza da, batez ere gisatu edo erregosten denean eta saltsekin eta ortuariekin laguntzen denean, eta murtxikatzeko zailtasunak dituztenentzat abantaila bat da hori. Hala ere, gihar-zuntz asko dituenez, digeritzeko zailagoa da, eta hori nabaritu egingo dute sabel makala dutenek.
Sodio-edukia neurrizkoa da, eta, horrenbestez, untxi-haragia egokia da ere hipertentsio arteriala dutenentzat, maneatzean gatz gehiegi ez bazaio botatzen, betiere.
Erosteko eta kontserbatzeko kalitate-irizpideak
Baserrietan hazitako untxiak harategietan eros daitezke urte osoan zehar. Untxi basatia jateko, ordea, udazkenera eta negura itxaron behar dugu, hori baita ehiza-garaia.
Saltokietan, untxiak osorik eros daiteke, errairik gabe, erabat garbi, eta zatituta ere bai, zati zehatz bat kontsumituko badugu. Ale ez oso gazteak aukeratu behar dira, gazteek zapore gutxi baitute, eta zaharregiak direnak ere saihestu behar ditugu, haragia gogorra eta lehorra baita. Alea gaztea den ikusteko, aurreko hanken artikulazioak ukitzen, mugitzen den hezur txiki bat nabaritu behar dugu. Hankak malgu baditu eta haragia arrosa bada, alea freskoa da, eta egoera onean dago.
Untxi osoa erosiz gero, hezurrak kentzean, pisuaren ia erdia bota egingo dugu. Hori oso kontuan hartzekoa da, mahaikide guztientzako adina haragi erosteko. Behin haragia erosita, komenigarria da ongi garbitzea, eta hoztuta ala izoztuta mantentzea, erraiak bereizita jarriz. Untxiaren haragia, beste edozein haragi bezala, hozkailuan edo izozkailuan gorde daiteke, behin kozinatuta.
Sukaldean
Untxiaren haragiak zapore preziatua dauka, eta hamaika eratara presta daiteke. Labera, gisatuta, erregosita, frijituta edo parrillan egin daiteke. Alea gaztea bada, parrillan oso zaporetsua izan daiteke, eta animalia heldua bada, berriz, hobe da gisatuta edo erregosita egitea, testura biguntzeko.
Untxi-haragiak ez dauka koipe-geruzarik, eta, beraz, pixka bat lehorra izan daiteke. Labean edo parrillan egiten denean, hirugiharrarekin edo urdaiazpikoarekin bildu ohi da, koipeak untxiaren haragia bigun dezan. Etxeko untxiaren zaporea indartzeko, komenigarria da belar aromatikoekin edo espezia batzuekin ontzea, prestatu baino ordu batzuk lehenago. Horrela, haragiak zaporea ongi xurgatu, eta zaporetsuagoa eta samurragoa izango da. Horrez gain, baratxuriekin edo hainbat salsarekin lagun daiteke, hala nola ozpin-olioa edo alioli.
Modu batera ala bestera prestatu, untxiak garnizio mota asko onartzen ditu (barazkiak, ortuariak…), eta beste plater batzuk ere lagun ditzake, barazki-menestra, patata gisatuak, arroza eta lekaleak, esaterako.