2019ko BTEM saria eman diote EROSKIri, merkatu berrikuntzaren kategorian, zergatik eta bere negozio ereduan elikaduraren, jasangarritasunaren eta tokiko produktuaren aldeko lanean aurrendaria izan delako eta izaten jarraitu duelako. Elikadura Berrikuntzaren BTEM sariak bigarren urtez banatu zituzten atzo AZTI zentro teknologikoak eta Euskadiko Elikaduraren Clusterrak; eta sarien helburua da elikaduraren sektorea balioan jartzea eta enpresa arloan jardunbide onak sustatzea.
Sariarekin EROSKIk gizarteari laguntzeko duen konpromisoa saritu dute, izan ere, elikadura orekatu batean oinarritzen den bizimodua sustatzen baitu; orobat saritu dute elikaduraren kateko beste enpresa batzuekin jarduteko duen gaitasuna eta on line erosketen kanala garatzeko egin duen apustua. Hain zuzen ere, kontsumitzaileek kooperatibarena aukeratu dute on line supermerkaturik onena. “Elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa sustatzea da EROSKIren nortasun ezaugarrietako bat kontsumo kooperatiba den aldetik. Osasunaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa presente dago ez bakarrik gure dendetan,baizik eta baita gure ekintza guztietan ere; esaterako, hor dira Osasunaren eta Jasangarritasunaren alde harturiko konpromiso berrituak”, esan du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
Epaimahaikoak EROSKIren zenbait ekintza nabarmendu ditu; ekintza horiek ardatzean jartzen dute kontsumitzailea produktu osasungarriak hautatzeko orduan. Hor dago, halaber, Nutri-Score nutrizio arloko etiketa jartzearena, eta Ekilibria tresna digitala, ahoratzen diren elikagaien talde askotarikoak hobetzeko eta egokitzeko sortua. Nabarmentzekoa da, baita ere, produktu osasungarrien aldeko apustua, aurrendaria izan baita landare gantz partzialki hidrogenatuak kentzen (trans gantzen iturri direlako) eta azukre, gantz eta gatz kopuruak gutxitzen bere markako produktuetatik.
EROSKIri saria eman dion beste konpromiso garrantzitsu bat zera da, milioi eta erdi ikasle baino gehiago formatu dituela bere Elikadura eta Ohitura Osasungarrien Heziketa Programan 2012an hasi zenetik; horretaz gainera, zortzigarrenez jarraian jaso du saria Bezeroari Erantzuteko zerbitzuagatik.