Tokiko produktua

Euskadiko tokiko ekoizpenarekin dugun konpromisoa indartu dugu

EROSKIn konpromiso sendoa dugu gure jarduera-eremuetako tokiko ekoizpenarekin eta horren adierazle garbia da gure sare komertzialean hurbileko produktuei eman diegun bultzada. Hala, Euskadiko tokiko produktuen salmentek goranzko joeran jarraitzen dute EROSKIn eta % 14,5ko hazkundea izan dute ekitaldi honen lehen erdian.

Tokiko produktu freskoak hazkundearen buruan

Tokiko jatorriko produktu freskoen salmentak atal guztietan igo dira eta % 15eko hazkundea erdietsi dute ekitaldiaren lehenengo sei hilabeteetan. Hazkunde horren gailurrean, urdaitegiko eta harategiko tokiko produktuak daude, % 15,6ko eta %17,4ko gorakada lortu dutenak, hurrenez hurren. Horretarako, oso garrantzitsua izan da HAZI Fundazioarekin (alegia, Eusko Label ziurtagiria ematen duen erakundearekin) eta Harakai – Urkaiko kooperatibarekin sinatu dugun lankidetza-akordioa, Euskal Okela AGB ziurtagiria duen behikia EROSKI Natur berezko markaren bitartez sustatu eta merkaturatzeko. Era berean, “km0” bereizgarria duten haragi-produktuen sorta berria txertatu dugu EROSKI SELEQTIA markan eta Euskal Herriko Untxi hazleen Federazioarekin hitzarmen bat egin dugu Euskal Herrian ekoizten den untxi-okela merkaturatzeko (“Euskal Untxia”).

Bestalde, bertako fruta eta barazkiek ere salmentak handitu dituzte, % 15 baino gehiago, aurreko urteko aldi berberarekin alderatuta. Euskal Herriko portuetan egunero sartzen den arrantzak, beti bezala, eremu berezi bat erreserbatuta du gure arrandegietan, eta salmenten bilakaera positiboa izan du, % 13eko gorakadarekin.

Tokiko ekoizpeneko eta sasoiko produktu freskoen eskaintza zabala gure saltokien bereizgarri bihurtu da. Urtez urte, tokiko produktuak merkaturatzeko gure konpromisoak gora egiten du eta une honetan, COVID-19ak eragindako egoera zailaren aurrean, lehentasun handiagoa eman diogu nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiekiko elkarlanari. Tokiko produktuak kontsumitzeko garaia da, kontsumoa, lanpostuak eta ekonomia berreskuratzeko eta mantentzeko. Hurbileko produktuek kokapen nabarmena irabazi dute gure linealetan eta haien salmenta-bolumenaren hazkunde etengabeak erakusten duenez, gure bezeroek ere halako produktuak nahiago dituzte, iraunkorragoak, freskoagoak, osasuntsuak eta kalitate handiagokoak”, adierazi du Asun Bastida EROSKIren Tokiko Produktuetarako merkataritza-zuzendariak.

Gure politika komertzialak ahalik eta gehien bultzatzen ditu tokiko ekonomiak, ingurunean aberastasuna sortuz eta nekazaritzako elikagaien, ekonomiaren eta gizartearen garapena sustatuz. Espainian ditugun 4.200 hornitzaile komertzialen artetik, erdia baino gehiago tokiko ekoizle txikiak dira. Eredu horrek tokiko nekazaritzako elikagaien ekoizpen-sare oso dibertsifikatua bultzatzen du sektorearen iraunkortasunerako funtsezko elementu gisa.

Lehen sektorearentzako laguntza pandemian zehar

COVID-19aren krisiak sukaldaritza-negozioak itxi behar izatea eragin zuenetik, nekazari eta abeltzain txikien ekoizpenaren zati handi bat sektore horretara bideratzen dela kontuan hartuta, tokiko ekoizleekin elkarlanean jarduteko sistema bat abiarazi genuen, ekoizpen horri irteera bat emateko xedearekin.

Euskadin, Hazi erakunde publikoarekin eta Harakai kooperatibarekin sinatutako hitzarmen baten bidez, euskal abeltzainek denboraldi honetan ekoizten dituzten bildotsak merkaturatzea adostu genuen. Era berean, ohiko hornitzaileekin elkarlanean, ekoizle txikien barazki-soberakinak bildu eta gure dendetara bideratzen ditugu. Gainera, Udapa Kooperatibaren bitartez, Nuestra Señora de Ocón, Garlan eta Alavesa de Patatas kooperatibek ekoitzitako eta Euskal Baserri jatorri-bermea duen Arabako patata merkaturatzen ari gara.  Ardoari dagokionez, txakolin ezberdinak eta Arabako Errioxako ardoa sustatzeko hitzarmen bat sinatu dugu Euskadiko upategien elkarteekin.

Lehenengo elikagai-banaketako taldea Euskadin

Euskadiko lehenengo banaketa-talde kooperatiboa eta elikagaien banaketako liderra da EROSKI. Euskadiko 1.800 hornitzaile ingururekin lan egiten dugu, 650 milioi euroko erosketa-bolumenarekin, eta eskualdeko 10.000 produktu inguru merkaturatzen ditugu.

Guztira, 411 establezimendu biltzen dituen sare komertziala dugu Euskadin, berezko edo frankiziatutako supermerkatu eta hipermerkatuen eta cash&carry saltokien artean. Gainera, gasolindegiak, optikak, bidaia-bulegoak, kirol-ekipamenduko dendak eta online dendak ere baditugu, eta Euskadiko % 100ean etxez etxeko banaketa egiten duen operadore bakarra gara. Ia 840.000 bazkide bezero ditugu bertan, EROSKI club fidelizazio-programaren bitartez.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
324773