Hidratazioa eta kirola, ezinbestekoak zure egunerokoan.
Erraza da ura edatea eta kirola egitea, baina zailagoa bere neurria zein den kalkulatzea. Ba al dakizu zeintzuk diren gakoak behar duzuna lortzeko?
Jarduera fisikoaren indarra

Zergatik da ona mugitzea?
Jarduera fisikoa eguneroko bizitzan txertatuz gero, onurak ziurrak dira. Gainerakoa plan on baten araberakoa da: gustatzen zaizun jarduera aukeratzea eta helburu errazak pentsatzea. Gimnasiora joan daiteke, kirola bakarka egin, edo taldekakoak aukeratu, hala nola futbola eta padela. Lehenengo urratsa egitea sedentarismoa alde batera uzteko arrakastaren erdia da.
Jarduera fisiko gehiago egiteak zerikusia du etxean eta lanean ohitura aldaketak egitearekin. Autobusetik geltoki bat lehenago jaistea, igogailua hartu beharrean eskailerak oinez igotzea, semealabekin edo ilobekin jolas aktiboak antolatzea edo maiz samar jarrera aldatzea ez alfertzeko ideiak dira.
Eguneroko jarduera fisikoa oinarrizkoa da osasunarentzat, horregatik garrantzitsua da gure eguneroko ohituren parte izatea (oinez ibiltzea, eskailerak igotzea…) eta sedentarioa ez den zaletasunen bat izatea (dantzatzea, patinatzea, korrika egitea…). Gozamenik hartzen ez dugun betebehar modura ikusten badugu oso zaila izango da ohitura bihurtzea.