Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus bakterioek eragiten dute esnea jogurt bihurtzen duen hartzidura.
Bakterio horiek probiotikotzat hartzen dira. Zer esan nahi du horrek? Probiotikoak organismo biziak dira, eta kopuru egokietan administratzen direnean, eragin onuragarria dute ostalarian, hau da, hartzen dituen pertsonarengan. Probiotikoak dira ere jogurtekin batera merkatuan aurkitu ohi ditugun esne hartzituak. Baina indarreko legediaren arabera, ez dira jogurtak. Horien arteko desberdintasuna da hartzigarrien artean beste bakterio batzuk daudela, jogurtaren bakterio tipikoez aparte: Bifidobacterium bifidum eta Bifidobacterium longum bezalako bifidobakterioekin (Bifidus) hartzitutako esneak eta esne hartzitu probiotikoak, Lactobacillus casei edo Lactobacillus acidophilus bakterioekin egiten denean. Egiaz, jogurt guztiak dira probiotikoak, mikroorganismo biziak dituztelako produktuan. Dena dela, merkatuan, probiotiko terminoa aipatutako laktobaziloak dituzten esne hartzituetan erabiltzen da soilik. Produktu horiei (jogurtak barne) eragin onuragarri eta osasungarri asko egozten zaizkie: defentsak areagotzen dituzte, hesteetako flora hobetzen dute, kolesterola murrizten dute… Aitzitik, onura horietako zeintzuk aitortzen ditu EFSAk (Elikagaien Segurtasunerako Europar Autoritatea), produktuen ezaugarri osasungarriak onartzen dituen erakundea izanik?
- Argi dago hesteetako mikroflorari on egiten diola probiotikoak hartzeak, baina gaiaren gaineko ikerketak garatzen ari dira jada. Hesteetako bakterio kaltegarriak alboratu eta jogurtaren bakterioen moduko bakterio “onuragarriekin” ordeztea 100 urte baino gehiagoz indarrean izan den ideia bat da. Ameriketako azken gida dietetikoak adierazi zuen ez dagoela probiotikoei buruzko gomendio dietetikoak emateko nahikoa azterketarik.
- EFSAk onartu duen osasun-adierazpen batek ezartzen du jogurta jateak laktosaren digestioa hobetzen duela horrekiko intolerantzia duten pertsonen kasuan.
- Oraingo gizartean errotuta dago Lactobacillus casei daukaten esne hartzituek defentsak indartzen dituztela ziurtatzen duen mezua. Egungo ebidentzia zientifikoen arabera, osasunaren gaineko onurei eta gaitzen kontrako babesari dagokienean, produktu mota hori esne hartzitu bat gehiago da, merkatuko beste edozein esne hartzituren edo jogurten parekoa. Literatura zientifikoan, zenbait ikerlanek adierazten dute esne hartzitu mota horiek egunero kontsumitzeak arnas-infekzio arruntak izateko arriskua gutxitzen duela hainbat talderen kasuan, baina ikerlan horietako batzuk ez dira independenteak. Momentuz, EFSAk ez du esne hartzituek eta jogurtek sistema immunitarioan onurak dituztela ezartzen duen adierazpenik onartu. Argigarri gisa, ñabartu behar da hainbat ikerlan zientifikok ondorioztatu dutela bakterio zehatzak dituzten esne hartzituek eta jogurt arruntek defentsak areago ditzaketela, zitokinen ekoizpena handitzen dutelako (erantzun immunitarioan esku hartzen duten osagaiak, alegia).
- Merkatuan, fitoesterolak eta fitoestanolak dituzten esne hartzituak daude, eta landare-jatorriko konposatu horiei egozten zaie kolesterola murrizteko ahalmena. EFSAk aitortzen du esterolekin eta estanolekin aberastutako produktuen bidez (esaterako, esne-edariak, konposatu horien 2 g izan ohi dutenak) egunero 1,5 eta 3,4 g landare-esterol edo -estanol hartzeak kolesterola % 7 eta 11,3 bitartean murrizten duela, 2 edo 3 asteren ondoren. Hori bai, komenigarria da gogoratzea mota horretako produktu aberastuen kontsumoa neurrizkoa izan behar dela beti, eta denbora mugatuaz eta dietista eta/edo mediku baten aholkuaren pean hartu. Gehiago hartzeak ez du gehiago murriztea lortzen, eta osasunari kalte egin ahal dio. Izan ere, produktu horiek euren osasunaren mesedetan kolesterolemia murriztea beharrezko duten pertsonei bideratuta daude esklusiboki. Sendagaiak hartzen dituztenek medikuak gainbegiratuta hartu behar dituzte soilik, eta berdin gertatzen da haurdunen, edoskitzen daudenen eta haurren kasuan.