Kontsumitzaileari kontsumo-patroi jasangarriagoak hartzeko bidea erraztu nahi diogu eta konpromiso horretan aurrera goaz. Oraingo honetan, gaur abian jartzera goazen proiektuarekin kafe-kapsulak birziklatu nahi ditugu. Ekimen-pilotu hau Euskal Herriko, Nafarroako eta Balear Uharteetako dendetan jarriko dugu abian (Nafarroan, EROSKI Iruña; Gipuzkoan, EROSKI Zarautz, Arcco Amara, Aranzazu, Zumaia eta Hernani; Bizkaian, EROSKI Bilbondo, Gernika eta Abadiño; Balear Uharteetan, Santa Ponça, Fábrica, Son Moix, Escorxador eta Alcudia Puerto) eta Espainiako lehenengo banatzaile handia gara, edozein material eta marketako kafe-kapsulak biltzeko puntuak jartzen.
Berariazko edukiontziak jarri ditugu gure saltokietan, behar bezala identifikatuta, bezeroek erabilitako kafe-kapsulak utzi ditzaten. “Ikusten dugu kafe-kapsulen eskaria zenbaterainokoa den, gero eta hondar gehiago sortzen du horrek eta behar bezala birziklatzeko bilketa-puntu gutxi daude, oso konplexua baita kapsula horretako materia organikoa eta gainerako materialak, hala nola, aluminioa edo plastikoa, bereiztea. Ekimen honi esker, kapsuletako lehengaien eta hondar organikoen %100 berreskuratu ahal izango dugu eta gure bezeroek kapsula horien kontsumoari lotutako ingurumen-eragina txikitu egingo dute”, azaldu du Alejandro Martínez Berriochoak, EROSKIko osasun eta jasangarritasun arloko zuzendariak.
Alderantzizko logistika-prozesua diseinatu dugu, denda bakoitzean jasotako kapsulak bere logistikako lantegira bidaliko ditu eta han baimendutako kudeatzaile batek, PLS POOLING-ek kasu honetan, tratatzeko eta birziklatzeko kenduko ditu. Kafea eta kapsula biodegradagarriak perretxiko eta onddoen substraturako eta beste konpost batzuetarako ongarri bihurtuko dira eta plastikoa eta aluminioa birziklatu eta urtu egingo dira plastikozko eta aluminiozko ontzi berriak sortzeko, hurrenez hurren. Prozesua amaitutakoan, eramandako eta birziklatutako kapsulen kudeaketari buruzko ziurtagiri bat emango da hilero; ziurtagiri horretan karbono-aztarnaren kalkulua eta horri esker saihestutako isurketak egongo dira.
Abian jartzen denean, informazio-kanpaina bat egingo dugu saltokietan, gizarte sareetan eta EROSKI Club aldizkariaren bidez, gure bezeroek zerbitzu berri hau eskura dutela jakin dezaten eta ontzi hauek birziklatzearen garrantziaz kontzientziatu daitezen.