Lekak leguminosoen familiakoak dira. Urteko landare bat da, belarkara, eta morfologia oso desberdinak izan ditzake.

 

Nutrizio-propietateak

Lekak kaloria gutxiko elikagaia dira. 100 gramo bakoitzeko, 30 kaloria baino gutxiago dute. Eduki kaloriko hori karbohidratoengatik da (almidoia, kasu), hazietan kontzentratuta dagoena. Halaber, proteina kopuru txiki bat ere badu.

Zuntz-iturri ona dira, beste barazkietan baino kontzentrazio txikiagoa badute ere.

Mineralen artean, potasioa eta kaltzioa aipatu behar dira, eta, neurri txikiagoan, iodoa, fosforoa, burdina eta magnesioa. Azken hori klorofila-molekularen parte da, eta lekek pigmentu horri zor diote kolore haien berde bereizgarria.

Konposizioa 100 gramoko anoa jangarri bakoitzeko
Energia (Kcal) 28,6
Ura (ml) 90
Proteinak (g) 1,9
Karbohidratoak (g) 4,2
Zuntza (g) 2,4
Potasioa (mg) 260
Iodoa (mcg) 4
Fosforoa (mg) 44
Magnesioa (mg) 22,2
Folatoak (mkg) 62,3
C bitamina (mg) 23,4
A bitamina (Eq. erretinol mcg). 28

 

Etxeko txikienentzat prestatzeko iradokizunak

Lekak osagai moduan erabil daitezke paella edo entsalada errusiarra bezalako jaki erakargarrietako; modu horretara, haurrek gehiago kontsumitzea lor genezake. Betegarri gisa erabiltzeko osagai perfektua dira; esaterako, lasagnak eta kaneloiak egiteko, bexamelarekin, tomate-saltsarekin eta gazta arraspatuarekin lagunduta. Halaber, baratxuriekin, txorizoarekin edo urdaiazpikoarekin salteatuta eta tomate-saltsarekin eginda, modu tradizionalean (hau da, egosita) baino erakargarriagoak izan daitezke. Beste aukera bat da olio eta gatz pixka batekin plantxan egitea, eta bigarren plateretako (haragia edo arraina) garnizio moduan sartzea. Horrela prestatuz, patata-tortilla famatua egiteko osagai moduan ere erabil daitezke.

 

Bitxikeriak

  • Lekak ez dira gordinik jan behar. Astunak izateaz gainera, faseolina izeneko substantzia toxiko bat dute, egostean desagertzen dena.
  • Egostekotan, ur irakinean sartu behar dira, eta gatza egosketa amaitzera doanean bota. Horrela, lekak ez dira gogortuko.
  • Ez dira gehiegi egosi behar, haien mantenugaien parte handi bat galduko litzatekeelako. Nahikoa da hamabost minutuz egostea, barietate meheen kasuan, eta hogeita bost minutuz, berriz, lodiagoen kasuan.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
81574