Lekaleak flatulentzia gehien sortzen digun elikagaia dira. Hala ere, eragozpen horiek ekiditeko hainbat modu daude, jaki hori dietatik atera barik.
Gas gehien sortzen dituzten elikagaiak indabak, babak eta dilistak dira, digeritzeko zailak diren azukreak dituztelako. Ordea, ez dira digestio-eragozpenen erantzule bakarrak. Fruten azukreak (fruktosa) eta esnearen azukreak (laktosa) ere, pertsona sentikorrenei arazoak sortu ahal dizkiete. Hau da, gasen arrazoiak -hamar pertsonetatik bati eragiten diotenak- askotarikoak dira. Hurrengo artikuluak eragozpen horiek murrizteko modua azaltzen du, elikagai hauek jateari uko egin gabe, eta lekaleak dietan mantentzeko arrazoi batzuk eskaintzen ditu.
Biztanleriaren % 7ak arazoak ditu korrokaden ondorioz eta % 11k oso maiz izaten ditu heste gasak, Amerikako Gastroenterologia Ikastetxearen arabera. Mediterraneo, Afrika eta Asiako herrialdeetan gaitz hori oso zabalduta dago. Ostera, korrokadak eta gasak organismoaren premiazko funtzioak dira. Ohikoa da pertsona batek egun batean gasak 10-20 aldiz botatzea. Hala ere, deserosoa edo desatsegina izan daiteke, batez ere pilatutako gasek sabel-distentsioa eragiten badute.
Gasak nola saihestu lekaleei uko egin barik
Amerikako Dietetika Akademiak jakinarazi duenez, jakiak prestatzeko teknika batzuek (adibidez, lekaleak uretan jartzea eta ernamuintzea), horien digerigarritasuna hobe dezakete, bai eta fitato-mailak murriztu eta, modu horretan, burdin absortzioa hobetu (lekaleek azido fitiko ugari dute eta horrek, kaltzioa, burdina edo zinka bezalako mineralei lotuta, xurgapena galarazten du). “5 al día” (“5 egunean”) elkartea argudio horrekin bat dator eta bere ustez, gainera, lekaleen hartzidurak proteinaren kalitatea hobetu, B taldeko bitamina batzuen edukia areagotu eta burdin eta zink absortzioa hobe dezaketen azido organiko zehatzak sortzea ahalbidetzen du.
Hona hemen beste iradokizun erabilgarri batzuk, janaria prestatzeko moduarekin baino, bizimoduarekin zerikusi handiagoa dutenak:
- Jakiak oso ondo murtxikatu.
- Edari karbonataturik ez hartu.
- Txiklerik ez murtxikatu.
- Astiroago jan.
- Erlaxatuta jan.
- Jan ondoren 10 edo 15 minutuz ibili.
- Erretzeari utzi.
- Sorbitola duen txikle edo gozokirik ez hartu.
- Egunero ur nahikoa edan, urak zuntza digestio-aparatutik igarotzea errazten duelako.
Halaber, erremedio naturalak daude, adibidez erromatar kamamila, gasak eta flatulentzia murrizteko lagungarriak izan daitezkeen substantzia kimikoak dituena, giharrak erlaxatuz eta nolabaiteko sedazioa sortuz. Era berean, gasak eragindako sintomak tratatzeko salmenta libreko botikak existitzen dira; horien artean daude simetikona, ikatz aktibatua eta beanoa. Hala ere, ez da egiaztatu produktu horiek eraginkorrak direnik.
Lekaleak dietatik ez kentzeko arrazoiak
Lekaleak landare-zuntzean aberatsak dira eta horrek, dietari bolumena ematen dio, pertsona arinago ase sentitzea eraginez. Gainera, pisua kontrolatzen lagun dezakete. Denbora-tarte laburrean zuntz kopuru handia hartzeak heste gasak, flatulentzia, distentsioa eta sabel-kolikoak eragin ditzakeen arren, normalean sintoma horiek desagertu egiten dira digestio-aparatuaren bakteria naturalak dietaren zuntz-igoerara ohitzen direnean.
Gaur egungo Espainiako elikadura-profilak landare-jakien falta agerian jartzen du, batez ere, bihi osoko zerealak eta lekaleak. Hori dela eta, jaki horiek maizago hartzea gomendatzen da, batez ere, adin emankorreko emakumeei, haurdunei eta menopausia ostean daudenei, maiztasunez edan eta erretzen duten pertsonei, osasun-arazoak dituzten adinekoei eta garapen eta hazkunde azkarreko sasoian dauden haurrei dagokienez. Orokorrean, Espainiako ume eta nerabeen ohitura dietetikoak txarrak eta lekaleetan urriak dira, ENKID ikerketak erakutsi duenez. Ikerketa horrek 2 eta 24 urte arteko 3.534 pertsona ebaluatu zituen.
Azken bi urteetan lekaleen abantaila dietetikoei buruzko hainbat ikerketa egin dira. Horien arabera, jaki hori otorduetatik kentzeak abantaila baino eragozpen gehiago izango lituzke:
- Lekaleek dituzten landare-esterolek kolesterola xurgatzea murrizten dute eta LDL kolesterol-maila (“kolesterol txarra”) txikitzen dute.
- Lekale kopuru handiagoa hartzeak intsulina eta 2. motako diabetesarekiko erresistentzia arrisku txikiagoarekin zerikusia dauka eta kontrol gluzemikoa hobetzen du. Lekaleek digestio geldoko karbohidratoak eta zuntz-eduki handia dutenez, logikoa da kontrol gluzemikoa hobetzea eta diabetesaren eragina murriztea.
- Lekaleak erregulartasunez hartzeak, gainera, sabel- eta prostata-kantzerretik babesten gaitu.
- Begetarianoei dagokienez, lekaleak eta soja funtsezko proteina-iturria dira. Ildo horretan, gogoratu beharra dago horien proteina-beharrak pertsona orojaleei gomendatutako eguneko proteina kopurua baino apur bat altuagoak direla.