Haurrak esne hutsa hartzeko arazoak baditu, saiatu behar gara esnekien bidez har dezala kaltzioa, edota kaltzioa duten beste produktu batzuen bidez.
Haur gehienek esnea gustuko dute, eta, izan ere, jaki bikaina da haientzat. Baina batzuei goragalea eragiten die, eta ezin dute edan. Hori, oro har, bi arrazoirengatik izan daiteke: ez zaiela batere gustatzen edo kalte egiten diela. Artikulu honen helburua da arazo horri irtenbidea ematea, haurrek esnea hartzeko beste modu batzuk proposatuz zein dietan nola ordeztu azalduz. Gainera, laktosa-intolerantziaren eta behi-esnearekiko alergiaren sintomarik ohikoenak deskribatzen ditugu eta arazo horiei aurre egiteko aholkuak eman.
Esneak haurrari goragalea eragiten dio. Irtenbide bila
Adin desberdinetako hainbat haurrentzat esnea oso desatsegina da. Gehienei ez zaie gertatzen, baina ez da gauza arraroa ere. Haurtxoen eta txikienen kasuan, gorputzak hori adierazteko modu bat aurkitzen du, hots, goragalea. Horrek gurasoak kezkatzen ditu, hainbat arrazoirengatik: beldur dira haurrak intolerantzia edo alergia izango ote duen eta esneak haren osasunari kalte egingo dion, esnea ez hartzeak nutrizioan gabeziak eragingo dizkiola uste dute… Zer egin behar dute?
Lehenik, garrantzitsua da gogoratzea haur bati ez bazaio esnea gustatzen, ezer gutxi egin daitekeela. Gustua “hezi” egin daiteke, hein batean; baina denok dugu, asko saiatuta ere, jasan ezin dugun zapore edo testuraren bat.
Paradoxikoa dirudi haur bati esnea ez gustatzea, kontuan izanik duela ez horrenbeste substantzia hori zela, hain zuzen, haren jaki bakarra. Hala ere, zenbaitetan horixe bera da arrazoia. Amaren esnea gustatzen zitzaion, eta, gero, ez zuen formulako esneari edo behi-esneari ohitzea lortu. Hori gertatzen denean, beste irtenbide bat aurkitu behar da.
Esnea hartzeko beste modu batzuk
Espainiako Pediatria Elkartearen (AEP) arabera, gaur egun “iraganean baino askoz esne gehiago kontsumitzen dugu, kontsumitzeko prest dauden esneki asko daudelako merkatuan”. Hau da, gaur egungo umeek ez dute lehengo umeek adina esne huts (hau da, esne likidoa eta zuria, industrialki prozesatu gabea) hartzen, baina jogurtak, mamiak, gaztak, irabiakiak, izozkiak eta bestelako produktuak kontsumitzen dituzte. Zenbaiti esne hutsak goragalea eragiten die, baina ez zaie esnekiekin berdin gertatzen. Hortaz, batzuetan, produktu horiek esnearen bidez kontsumitzen ez dituzten mantenugaiak konpentsatzen ahalbidetzen die, hein handi batean. Hala ere, kontuz ibili behar da, askotan (arrautzesnea, arroz-esnea eta azukredun postreak, irabiakiak, izozki komertzialak, zaporetako jogurtak…) komenigarriak ez diren beste mantenugai batzuen kopuru handiegiak eta/edo kalitate gutxiko koipeak dituztelako.
Era berean, haurrek esnea hartzeko modu bat beste zapore batzuekin konbinatzea da, hala nola jaki osasungarriak (fruta freskoa edo deshidratatua), barazkiak, espeziak, etab. Hona hemen kontsumorako zenbait iradokizun:
- Fruta-irabiakiak eta/edo barazkiak esnearekin. Horrela, esneaz gain, beharrezkoak diren jaki horien anoa bat eransten dugu; izan ere, orokorrean, ez ditugu komenigarria den maiztasunarekin eta behar den kopuruan kontsumitzen. Gainera, heltzen ari diren frutak aprobetxatzeko modu ona izan daiteke.
- Esnea zerealekin. Oloa eta artoa dira gomendagarrienak, eta gozotasuna eta zaporea emateko, fruta deshidratatuekin nahas ditzakegu, hala nola anana, mertxika sikatuak… Hori bai, hobe da azukrerik ez eranstea.
- Ez badute esne soila onartzen, kanela edo banilla-aroma pixka bat hautseztatzen proba dezakegu.
Esnea ez da ezinbestekoa: nola ordeztu dezakegu haurren dietan?
Kasu hauetan, kontuan hartu beharreko funtsezko datu bat da adingabeak esnerik gabe bizi daitezkeela, behin amarengatiko edoskitzea bukatua. AEPk azaltzen duen bezala, esnea “jaki bikaina da, batik bat kaltzio-iturri gisa”, baina “ez da ezinbestekoa”.
Pediatrek diotenez, kaltzioa funtsezkoa da hezurren garapenean, eta, beraz, haurren hazkuntzan. Baina esnea ez da substantzia hori duen jaki bakarra, beste produktu batzuen bidez ere lor daitekeelako. Hona hemen kaltzioa duten beste jaki batzuk: frutak, hala nola laranjak, kiwiak eta pikuak; fruitu lehorrak, almendrak eta urrak, kasu; zerealak, batik bat oloa eta garia; lekaleak, garbantzuak, soja eta babarrunak, esaterako; barazkiak, hala nola ziazerbak eta lekak; arrainak, bisigua, oilarra, bokarta eta sardinak, kasu; eta arrautzaren gorringoa. Horrez gain, haragi gorriak ere badu kaltzioa, nahiz eta kopuru txikiago batean.
Hala ere, jaki horiek duten kaltzio kopurua esnearena baino askoz txikiagoa da. Horrenbestez, egunean gomendatutako kopurua lortzeko (200 miligramo jaioberrien kasuan eta 1.300 miligramo haurren eta 9 eta 18 urte bitarteko nerabeen kasuan), jaki horien anoa handiak kontsumitu behar dira.