Aurrez planifikatzen eta behar dugun kopurura egokitzen saiatzen garen arren, azkenean janari gehiegi prestatzen dugu, eta soberakinak ohikoak izaten dira Gabonetako mahaietan. Janaria aprobetxatzeko sukaldaritza oso irtenbide interesgarria da ezer alferrik ez galtzeko eta Gabonetako menuetatik gelditu zaigunari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Entsaladak, kroketak, zopak eta kremak… Joko handia ematen duten errezeta errazak, haragi, arrain, barazki edo postre hondarren arrastorik ez uzteko. Gogoan hartu!
Abenduaren 26an: entsalada arina itsaski zatiekin
Zer iruditzen ganbei, otarrainxkei, berberetxoei, muskuiluei…. bigarren bizi bat ematen badiezu? Itsaski-zatitxoak entsalada fresko eta arin bihur daitezke; organismoari atsedena emateko ideia bikaina.
Abenduaren 27an: kroketak… dagoenarekin
Gabonetako salda, arraina, hegaztia, haragia… Asko dira kroketa goxo batzuk prestatzeko erabili daitezken soberakinak. 27ko bazkaria egin dezakezu eta bulegora itzultzeko tuperra prestatu (gogoratu izoztu egin daitezkeela).
Hobe da Airfryer-ean prestatzea frijigailuan baino, eta irin integralarekin finarekin baino. Bi xehetasun horiek kalitate nutrizionala emango diote.
Kroketez gain, beste errezeta bat proposatzen dizugu: legatz- eta brokoli-kauseren errezeta. Egin eta moldatu etxeko txikienekin. Oso erraza da; legatzaren ordez, geratu zaizun beste edozein arrain erabili dezakezu.
Abenduaren 28an: hornigaien krema (barkatu, barazkiena)
Sukaldean ez dago konplikatu beharrik, kremak aukera ezin hobea dira barazkiak eta ortuariak aprobetxatzeko, aurrez plater nagusian edota ondu gabeko soberako entsaladen hornigai gisa erabili ditugunak. Ideia paregabea eta hotzerako oso egokia. Egun pare bat irauten du hozkailuan, eta izoztu ere egin daiteke. Edozein unetan aterako zaitu estualditik.
Abenduaren 29an: haragi edo hegazti soberakinez betetako piperrak
Arkumea, txerrikumea, indioilarra… Bexamel krematsuarekin, haragia primeran egokitzen da pikillo piper gozo batzuen betegarria egiteko. Gozo-gozoak eta oso moldaerrazak, aukera ezin hobea dira janaria aprobetxatzeko sukaldaritza praktikan jartzeko.
Abenduaren 30ean: Gabon ondorengo zopa.
Pilatutako arrain-, haragi- edo hegazti-hondakinekin salda elikagarria dastatzea oso atsegina izan daiteke. Gabon ondorengo zopa honek, elikatzeaz eta hidratatzeaz gain, kolagenoa eta gelatina ematen ditu (hezurrekin kozinatu bada), eta erraz digeritzen da.
Ziurrenik mimo eskean ariko den digestio-sistemarentzat mineralen txute bikaina.
Abenduaren 31n: gozoak, eraldaketa sortzaile bat
Klasikoenetatik hasi eta aurki ditzakegun zapore eta testura askotaraino, ez dira etxe asko izango turroi-tabletarik jarri ez dutenak. Askarietan edo afari eta banketeetako postre gisa ateratzen dira, eta kontsumitzeko eta kontserbatzeko trikimailu propioak dituzte.
Eta, gehiegi kalkulatu badugu? Nola aprobetxatu polboroiak, mazapanak, mantekadoak edo turroiak? Zorionez, badira jaki gozo horiei bigarren bizitza bat emateko trikimailuak:
bihurtu mazapana mousse, turroia galleta edo polboroiak bizkotxo errezeta berezi hauekin.
Janaria alferrik ez galtzeko beste aholku batzuk
Lehenik eta behin, ez egin erosketak buruz. Supermerkatura joan aurretik, berrikusi etxean daukazuna eta egin behar duzun guztiaren zerrenda zehatz bat, kantitateak ondo kalkulatuz.
Behin data garrantzitsuak atzean utzi ondoren, izozkailua izan dadila zure aliatu handiena elikagaiak aprobetxatzeko. Izoztu zure soberakinak pertsona batentzako zatietan, gero otordu azkarrak eskura izan ditzazun. Haragia, arraina edo saltsak arazorik gabe izoztu daitezke, ondoren entsaladekin edo barazkiekin dastatzeko. Jarri data tuper bakoitzean: horrela, denbora gehien izoztuta daramaten elikagaiei lehentasuna emango diezu.
Eta, zer egingo dugu ogiarekin?
Ogi gogorra modu askotan erabili daiteke. Lehen egunetan txigortzeko eta oliba olio pixka batekin gosaltzeko erabili dezakezu; edota crouton batzuk egin ditzakezu zure kremei edo entsaladei ukitu kurruskari bat emateko, esnetan eta arrautzatan murgildu dezakezu ogi-torradak egiteko edota ogi-pastel zoragarria presta dezakezu kanela eta laranjarekin. Zure irudimenean dago muga.
Ez dago zalantzarik, berrerabiltzea beti da aukera jasangarria; gainera, familia-aurrezkia sustatzen du eta gure sormena garatzen du. Janaria aprobetxatzeko sukaldaritzarekin bat egingo duzu?
Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu EROSKI Club aldizkarian