Ekilibria

Soja: edabe sendagarria edo substantzia toxikoa?

Soja ez da elikagai magikoa, baina beste lekaleek bezala elikadura-propietate oso interesgarriak ditu eta dieta osasuntsuaren markoan sartzen da.

Sojak interes handia sortzen du mendebaldeko biztanlerian, aldekoak eta aurkakoak dituen arren. Lekale hau oso moldakorra da, hainbat eta hainbat errezeta goxo egin daiteke eta osasun arloko adierazpen positibo eta negatibo ugari egin da berari buruz. Komunikabide ugarik, askotan oinarri zientifiko txikiarekin, sojaren eta bere eratorrien bertuteak puzten dituzte edo biztanleria ohartarazten dute sojaren kontsumoari lotutako arrisku justifikatu gabeez. Artikulu honek datuak eman nahi ditu, soja esaten den bezain ona edo bezain txarra den ikusteko.

 

Soja: ez panazea, ez pozoi.

Gaur egun Interneten nahiko erraz aurkitzen dira soja eta bere eratorriak kontsumitzeko esaten duten mezuak, iruzurrezko onurak aipatuz (“minbizia sendatzeko” gai dela, esaterako), nahiz eta azterketa zehatzek horrelakorik frogatu gabe izan. Horrelako mezuak aurkitzea bezain erraza da aurkakoak aurkitzea: soja “eguneroko pozoia” dela dioten testuak, esaterako. Osasun arloko agintariek, ordea, askoz mezu arrazionalagoak igortzen dituzte. Beren aholkuetan gogoan izaten dute argi bezain ahaztuta dugun zerbait: lekale batetik bestera alde handirik ez dagoela, kasurik hoberenetan.

Lekale batzuek zuntz dietetiko gehiago dute; besteek, bitamina jakin bat; beste batzuk antioxidatzaile batzuen kopuru batzuk edo substantzia fitokimikoak dituztelako nabarmentzen dira. Baina egia esan, eskura dauden ikerketen arabera lekale guztiek onura berdinak dituztela dirudi (onura ugari dituzte, dela osasunarentzat dela ingurumenarentzat).

 

Soja eta kolesterola

Azterketa ugariren arabera, soja ona izan daiteke odoleko gehiegizko kolesterola kontrolatzeko (hiperkolesterolemia). Dena dela, horrek ez du esan nahi gainerako lekaleek, dilistek edo txitxirioek esaterako, antzeko eraginik ez dutenik. Are gehiago, 2011ko otsailean Nutrition, metabolism, and cardiovascular diseases aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu zuen “soja ez den beste lekale ugariko dietak kolesterol osoa eta LDL kolesterola murrizten duela”. Are gehiago, kolesterola murrizteko, komenigarriagoa da hainbat alderdi kontuan izatea, ez soilik dietetikoak, ‘Kolesterola murrizteko bost aholku’ artikuluak esaten duen bezala.

 

Bularreko minbizia eta soja

2014ko urrian Minbizia Ikertzeko Amerikar Institutuak (AICR) sojari eta bularreko minbiziarekin zuen balizko harremanari buruzko testu bat argitaratu zuen; izan ere, artikulu ugari dago gaixotasun honi aurrea hartzeko edo tratatzeko soja kontsumitu edo saihestu egin behar dela diotenak. Sojak minbizia prebenitu dezake? Bere iritziz, soilik osasuntsuak ez diren elikagaien ordez edo haragi gorri eta prozesatu gehiegiren ordez kontsumitzen bada, horrelakoek kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua areagotzen baitute.

AICRek dio “soja elikagai kopuru moderatua kontsumitzeak ez duela horrelako edo beste mota bateko minbizia izateko arriskua hazten” eta adierazi du (atariko) ikerketa batzuk adierazten dutela bularreko minbiziaren aurka babes xumea eskain dezakeela. Bularreko minbizia duten edo izan duten pazienteentzat ez da kezkagarria soja edo bere eratorriak kontsumitzea. “Kopuru moderatua” esaten AICRk soja edo bere eratorrien hiru anoaz ari da gehienez ere (hala nola, tofua edo soja-irabiakia). Zifra ez da oinarritzen gehiago hartuz gero arriskuak ikusi izanean, baizik eta horri buruzko azterketarik ez egotean.

Minbiziaren edo beste gaixotasun batzuen kasuan soja kontsumoaz ohartarazten duten albisteen oinarrian elikagai honen konposatu batzuk egoten dira, isoflabonak, hau da, landare-estrogenoak ere esaten zaienak. Gure organismoan estrogeno gehiago izatea bularreko minbizia izateko arrisku handiagoarekin lotzen denez, landare-estrogenoak gizakiarentzat arriskutsuak ote ziren zalantza zegoen. Lehenengo azterketak arratoietan egin ziren eta arrisku hori erakutsi zuten, baina gero ikusi zen “karraskariek eta laborategiko gainerako animali gehienek sojaren isoflabonak gizakiek ez bezala metabolizatzen zituztela”, AICRek esan duenez. Ondorioz, sojak ez du estrogeno-maila hazten gizakietan. Beste zerbait gertatzen da sojaren aterakinekin, izan ere, isoflabona kopuru askoz handiagoak izan ditzakete sojarekin edo sojaren eratorriekin kontsumitu ditzakegunak baino, PLos One-n 2013ko azaroaren 28an argitaratutako ikerketa baten arabera.

 

Sojak ondorio estrogenikoak eragiten ditu?

Sojaren ondorio estrogenikoei zaien beldurra ez da bularreko minbizian amaitzen: haurren edo helduen hormonetara ere hedatzen da. Informazio gutxiko komunikabideen arabera, sojak ondorio hormonalak izan ditzake (haurrei bularrak hazi) edo ugalketa funtzioan, immunologikoan edo neurokognitiboan eragina izan dezake. Dena dela, Pediatriako Amerikar Akademiak 2008ko maiatzean adierazi zuen (Pediatrics aldizkarian) “gizaki edo animalia heldu eta haurren biztanleria oinarri hartuta ebidentzia erabakigarririk ez dagoela sojaren isoflabonek garapenean, ugalketan edo funtzio endokrinoan eragin kaltegarria izateari buruz”. Geroagoko azterketek baieztatu dute hori, esaterako British Medical Journalek 2014ko apirilaren 28an argitaratuak.

Helduei dagokienez, 2008an AEBetako National Institute of Healthek ondorioztatu zuen “gizakietan egindako azterketen ebidentziek ez dutela gizakietan inolako ondorio negatibo kezkagarririk iradokitzen, digestiorako intolerantzia arin batez harantzago”, eta gauza bera gertatu daiteke beste edozein lekaleren dosi handia kontsumituz gero ere.

Sojak tiroideetako arazoak sortzen dituela ere esaten da, “goitrogeno” izeneko konposatu batzuk dituelako eta horiek, tiroide glandularen funtzionamendu egokian eragina izan dezaketelako. Dena dela, hau kezkagarria izateko iodo gabezia egon behar da batetik eta berotu edo egosi gabeko (goitrogenoak inaktibatzeko) soja kopuru handiak kontsumitu behar dira bestetik, Journal of the Academy of Nutrition and Dietetics aldizkariak 2012ko apirilean argitaratu zuenez.

Hau da, soja hartu dezakegu dieta osasuntsuaren markoan, bere onurak soja aterakina duten elikadura-osagarrietara estrapolatzen ez baditugu, eta aurresuposatzen ez badugu sojak beste lekaleek baino bertute gehiago dituela. Dena dela, lekaleen kontsumoa haztea gomendagarria da, are gehiago kontuan izaten badugu gaur egun energia gehiago hartzen dugula alkoholetik elikagai gomendagarri hauetatik baino.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
53923