Ekilibria

Zenbat azukre du jogurt batek? Eta nola aukeratu osasunerako onak direnak

Azterlan batek agerian utzi du halako produktu askok guk uste baino askoz ere azukre gehiago daukatela.

Jogurta azukre-iturri ezkutua izan daiteke dietan. Azterlanek baieztatu dutenez, esneki hartzituak lagungarriak dira hesteen osasunerako, bakteria onetan aberatsak baitira, eta oro har osasuntsu egoten ere laguntzen dute, proteinak, kaltzioa, iodoa eta B bitamina dituztelako. Baina duela gutxi 900 jogurtekin eta beste esneki batzuekin (adibidez, arrautzesnea eta budina) egindako ikerketa batek agerira ekarri du haietako askori azukre ugari eransten zaiela. Orduan, zein da aukera osasungarri bakarra, egiaz? Jogurt natural eta greziarra, aitortu dute adituek artikulu honetan.

Azterlan zientifikoan ikertu dituzten jogurten artetik % 9 besterik ez da azukre urrikoa; hau da, 5 gramo baino gutxiago ditu produktuaren 100 gramoko, Europar Batasunaren erregulazioen arabera. Erresuma Batuan egin dute azterketa, eta British Medical Journal aldizkariak atera du argitara. Horrez gain, agerian utzi du osasungarri diruditen produktuek ere alde ezkutu bat dutela, ez horren osasungarria. Gainera, azterlanak ohartarazi duenez, haurrentzako jogurtetako askok jogurt naturalek (hau da, egileek aukera osasungarritzat jotakoak) daukaten azukrea halako bi dutela. Soberako azukre gehigarri horrek, nutrizio-onurak eman baino, gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arriskua handitu dezake, baita horiei lotutako gaixotasunena ere.

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa honako hau da: erantsitako azukreen bitartez (hau da, elikagaiak berez ez dituen azukreen bidez) lortutako energia-ehunekoa ez dadila izan guztira irentsitako kalorien % 10 baino handiagoa. Azukre finduzko gramo batek 4 kaloria dituenez gutxi gorabehera, heldu batek (eguneko 2.000 kcal-ko dieta bat badu) ez ditu hartu behar 50 azukre gramo baino gehiago (gutxi gorabeherako kalkulua). Kantitate hori erdira murriztu behar da gazteen kasuan, eta are gehiago haurrengan.

Naturalak eta greziarrak izan ezik, jogurtek azukre asko dute

Jogurt guztiak eta lotutako produktu guztiak zortzi kategoriatan bildu zituzten ikerketan: haurrentzako produktuak, ordezko esnekiak (adibidez, soja-jogurta), postreak, jogurt-edariak, zaporeetako hartzituak, frutadunak, jogurt naturala edo greziarra eta jogurt organikoa edo ekologikoa.

Azukre edukia desberdina da produktuaren eta kategoriaren arabera, baina, jogurt naturalek edo greziarrek izan ezik, jogurtek batez beste daukaten azukre erantsiaren kopurua askoz ere handiagoa da gomendatutako muga baino (5 gramo azukre produktuaren 100 gramoko, Europar Batasunaren erregulazioen arabera). Hain zuzen ere, hamar jogurtetatik bakarra soilik kalifikatu zen azukre urrikotzat. Eta horien artean, ia-ia ez dago haurrentzako produkturik.

Azkenburuko esnekiek azukre ugari edukitzeak ez du inor harritzen: 16 bat gramo dituzte produktuaren 100 gramoko. Baina, ondoren, zaporezko jogurtak eta organiko edo ekologikoak datoz (13 gramo 100 gramoko). Horrek aditzera ematen du ekoizpen organiko edo ekologikoko etiketak, ekoizpenari erreferentzia egin arren, ez duela beti esan nahi kaloria urrikoak direnik.

Ondoren, oso gertu, fruta zatitxoak dituzten jogurtak eta haurrentzakoak daude. Aztertutako 101 haurrentzako esnekien artetik, 2k soilik zituzten 5 azukre gramo baino gutxiago produktuaren 100 gramoko. Gehienak 11 gramo inguruan zeuden; hau da, aztertutako haurrentzako esnekietan, hamar gramotatik bat azukrea zen.

Alderatzeko, ohiko kola-freskagarriek 10,6 gramo azukre ditu, gutxi gorabehera, 100 mililitroko. Adituek diotenez, horrek esan nahi du oso antzekoa dela jogurt eta freskagarrien azukre kantitatea. “Arazoa zera da: jogurta elikagai osasungarritzat hartu ohi dela, baina askotan, jakin gabe, osasunerako onak ez diren azukre erantsiak ekartzen dituztela dietara”, aitortu du Bernadette Moore doktore eta nutrizionistak, Erresuma Batuko azterlanaren egile nagusiak.

Nola aukeratu jogurt osasungarria?

Jogurt naturala eta greziarra (funtsean, naturalaren berdina da, baina esne-koipearen edukia handiagoa da) besterik ezin dira sailkatu azukre erantsi urrikotzat. Hau da, jogurtaren berezko azukrea, laktosa, besterik ez dutenak. Eta, “Adelgázame, miente” liburuaren egile Juan Revengaren aburuz, horiek dira aukera osasungarri bakarra. “Oinarrizko jogurtak bi osagai ditu soilik: esnea eta esne-hartzigarriak. Eta oinarrizko produktuari edulkoratzaileak edo azukreztatzaileak gehitzen bazaizkio, jogurtak produktu naturala izateari uzten dio, eta gero eta prozesatuagoa eta gomendagaitzagoa bihurtzen da”, dio Revengak.

Horregatik, jogurt naturala elikagai egokia izan arren, eta beste elikagai batzuekin batera orekatuta dieta osasungarrian sar badaiteke ere, nutrizionistaren aburuz ez da gauza bera gertatzen esneki azukreztatuekin: gure elikaduran zenbat eta gutxiago halakoak, orduan eta hobeto. “Jogurt natural edo greziar ez den guztia, hobe baztertzen bada” ondorioztatu du.

Baina, gainera, adituak ez daude ados egunean zenbat esneki kontsumitzea osasungarria den esateko garaian. Eta horrek barne hartzen ditu jogurtak. Hala eta guztiz ere, Harvardeko Osasun Publikoko Eskolako Nutrizio Sailak (AEB) eta Dieta Mediterránea Fundazioak egunean esneki errazio bat edo bi kontsumitzea gomendatzen dute (hobe koipe urrikoak badira); hau da, egunean bi jogurt.

Dena dela, jogurt naturala edo greziarra azukre urrikoa izan arren, “produktu horregatik ez da baztertu behar beste elikagai osasungarri batzuen ohiko kontsumoa, adibidez, fruta freskoarena“, adierazi du Julio Basulto nutrizionistak.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
152831