1. EROSKI S. COOP.-ek (IFK: F20033361; helbidea: San Agustin auzoa z.g., 48230 Elorrio, Bizkaia) (aurrerantzean, EROSKI) abian du, Travel Club programaren barruan eta haren osagarri gisa, EROSKI club izeneko fidelizazio-programa bat (aurrerantzean, CLUB), familiaren eremuko azken erabiltzaileei, eta haiei bakarrik, zuzendua. Haren bidez, bazkideek informazioa eta/edo eskaintzak jaso ditzakete EROSKIren edo hirugarrenen produktuei eta zerbitzuei buruz, promozioetan onura atera eta parte har dezakete, eta Travel Club programaren abantaila nagusiak -EROSKIk haren babesle gisa hartzen baitu parte- zein EROSKI-Travel club programa bikoitzaren abantaila espezifikoak lor ditzakete, dela EROSKIk dela Travel clubek programa honen barruan emandakoak.
2. CLUBaren bilakaera gisa, EROSKI clubeko Oro txartela sortu du EROSKIk. Txartel hori bakar-bakarrik izan dezakete txartela eskatzeko unean EROSKI club txartelaren titular diren pertsona fisikoek. Txartel hau, gainera, enpresa eta kolektiboei ere eskain dakieke, eta txartela onartzeak aukera ematen die akordio partikularren bidez langileei, bazkideei eta gainerako kideei (aurrerantzean Oro Colectivos bazkideak) Oro txartelaren abantailak eskuratzeko, adostutako baldintzetan. Horretarako, EROSKI club txartelaren titular izan behar dute alta emateko unean; hau da, CLUBeko bazkide izan behar dute. Oro Colectivos bazkideak Oro txartelaren titular ere izango dira ondorio guztietarako, salbu eta baldintza orokor hauetan espresuki adieraz daitekeenerako. Fidelizazio-programa honetatik kanpo geratzen dira EROSKI S. COOP.-en kuota-programaren onuradun diren bazkideak. Oro programan sartzeko, aurrez baja emateko eskatu behar da kuota-programan. Kolektibo bateko (elkarteak, federazioak, fundazioak, enpresak, erakundeak, flotak edo antzekoak) kide izateagatiko akordioen ondoriozko deskontuak ezin dira METATU Oro txartelaren deskontuekin. Oro txartela azken kontsumitzaileei familia-eremuan onurak eta abantailak ematera zuzendua dagoenez, EROSKIk eskubidea du Oro txartela mugatzeko edo baliogabetzeko, baldin eta azken kontsumitzailean hautematen badu familia-eremutik kanpoko jardueraren bati egotz dakiokeen kontsumoren bat.
3. Oro txartelaren onurak eta abantailak lortzeko: 1.- Interesdunak alta eman dezake une bakoitzean eskura dauden modalitateetako batean, eta Oro txartelaren baldintza orokorrak onartu behar ditu; 2.- EROSKIk onartu edo baztertu egin dezake Oro txartelean alta emateko eskaera. Beraz, alta ematea ez da automatikoa. Alta emateko eskaera onartu ondoren, automatikoki metatuko dira bazkidearen EROSKI Club txartele(t)an Oro txartelaren onurak eta abantailak. EROSKI S. COOP.-ek Oro bazkideari eska diezaioke egiaztatzeko, alta-prozesuan zehar edo ondoren, alta-eskaeran adierazitako banku-kontuaren titularra bera dela. Betebehar hori dagokion epean betetzen ez badu, EROSKI S.COOP.-ek eskubidea izango du betiko baja emateko Oro txartelean. Oro Colectivos txartelean dauden enpresa, kolektibo, elkarte edo beste erakunde batzuek ere goiko paragrafoan aurreikusitako betebeharra dute. Betetzen ez badute, EROSKI S.COOP.-ek eskubidea izango du Oro Colectivos bazkide horiei dagokien kontratua ezeztatzeko eta Oro txartelean baja emateko, behin betiko. Oro Colectivos txartelaren bazkideek ere dagokien alta-eskaera bete beharko dute, edo, bestela, haien enpresa, elkarte eta erakundeek EROSKIrekin hitzar lezaketena.
4. EROSKIren Oro txartelari honako hauek aplikatzen zaizkio: 1.- Agiri honetan jasotako baldintza orokorrak. 2.- Baldintza hauetan ezarrita ez dagoen guztian, EROSKI club programaren baldintza orokorrak (agiri honetakoen aurkakoak direnak izan ezik). 3.- Travel cluben baldintza orokorrak. EROSKI club programako zein Travel clubeko baldintza orokorrak espresuki onartu zenituen CLUBen alta eman zenuenean. Travel club programaren gainerako babesleek EROSKI logotipoa ez duten Travel club txartelen baldintza beretan onartuko dute Oro txartela. Oro Colectivos txartelari, gainera, EROSKIren eta enpresa, kolektibo, elkarte, fundazio eta beste erakunde batzuen arteko hitzarmenak ere aplika dakizkieke, beharra izanez gero.
5. Oro txarteleko kide izateko eta altan jarraitzeko, nahitaezkoa da Oro txartelaren titularrak dagokion kuota ordaintzea hilero EROSKIri (bazkideak hautatutakoa alta emateko eskaera betetzean aukeran zeuden kuota guztien artean). (Aurrerantzean, KUOTA). Oro Colectivos bazkideen kasuan, Oro Colectivos txartelean dauden enpresek, elkarteek eta/edo erakundeek EROSKIrekin adostutako KUOTA izango dute. Oro Colectivos txartelean dauden enpresek, elkarteek eta beste erakunde batzuek hilero ordaindu behar badiote EROSKIri Oro Colectivos bazkideei dagokien KUOTA, espresuki adostu beharko dute zenbatekoa EROSKIrekin. KUOTA ez ordaintzearen ondorioak 10. atalean aurreikusitakoak dira. KUOTAk hobari bat dakar; hobari hori eskubidez dituen deskontuak eta abantailak aplikatu eta gero aplikatzen zaio bezeroari, EROSKI clubi atxikitako EROSKIren hipermerkatu eta supermerkatu guztietan (EROSKI onlinekoan barne)(1) eta EROSKI BIDAIAK(2) entseina duten bidaia-agentzietan salgai dauden produktuen eta zerbitzuen erosketaren zenbatekoaren gainean. (Kontsultatu ezazu zentro atxikien zerrenda www.eroski.es/tiendas club.) web-orrian. Hobari hori zuzenean sartuko da bazkidearen Oro txartelean kutxatik pasatzean, kobratzeaz arduratzen den EROSKIko langileari txartela eman ondoren eragiketa erregistratzeko. Nolanahi ere, hobari hori ezin da izan 300 € baino gehiagokoa titularreko eta hileko. Hobari hori ez zaie aplikatuko hilean 600 eurotik gorako gasolina-erosketei, ez eta azken kontsumitzailearen familia-eremutik kanpoko erabilera industrialeko ibilgailuetarako edo enpresako ibilgailuetarako erregai-erosketari ere. Oro txartelaren titularrak, kuota-mota bat baino gehiago baldin badaude, noiznahi aldatu ahal izango du hautatutako KUOTA. Aldaketa-eskaera erregistratu ondorengo hilabetearen 1. egunetik aurrera izango du eragina aldaketa horrek. (1) Ez zaie aplikatzen esperientzia-sortei, telefono-kargatzeei, E-pay txartelei (aurrez ordaintzekoak), errebelatze digitalei, berme-hedapenei, ez eta fidelizazio-kanpainetan sustapen-zigiluen truke eskuratutako produktuei ere. (2) EROSKI Bidaiak-i dagokionez, hobaria ez zaie aplikatzen billeteei, kudeaketa-gastuei, tasei, bisei eta Interneten (www.viajeseroski.es) egindako erosketei. Hobari hau ez da metatuko beste deskontu batzuekin.
6. KUOTAren zenbatekoa urtero igoko da, urtarrilaren 1etik aurrera, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako kontsumorako prezioen indizeak (KPI), indize orokorrak, aurreko 12 hilabeteetan izandako igoeraren arabera. Eguneratutako kuota oinarritzat hartuko da hurrengo urteko kuotaren KPIa aplikatzeko. Kuota eguneratzean (urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean) EROSKIk artean izango ez dituenez ekitaldiko KUOTA eguneratua kalkulatzeko datuak, aurreko urteko KUOTA luzatuko du, harik eta horretarako behar duen informazioa lortzen duen arte. Orduan, eragindako aldea erregularizatuko du salbuespenezko kargu bat igorriz -Oro txartelaren titularrak espresuki baimentzen du salbuespenezko kargu hori-.
7. EROSKIk eskubide hauek dauzka: 1.- Programa indarrean dagoen bitartean baldintza orokor hauek noiznahi eguneratzeko eta/edo aldatzeko. 2.- Programa indarrean dagoen bitartean KUOTA aldatzeko eta/edo hari atxikitako hobaria noiznahi aldatzeko, bai eta, kuota-mota bat baino gehiago badago, haietako bat kentzeko ere. 3.- Oro txartelean, noiznahi eta bere irizpidez, onura eta abantaila gehiago sartzeko. 4.- Oro txarteletik, noiznahi eta bere irizpidez, onura edo abantailak kentzeko edo beste batzuekin ordezteko, salbu eta Oro txartelaren oinarria eta mamia definitzen badute, eta haiek aldatzeak txartelaren funtsa aldatzea badakar; halakorik egiten bada, jakinarazi egin beharko zaie Oro programako bazkideei, norbanakoak izan edo Oro Colectivos txartelean dauden enpresa edo kolektiboak izan, indarrean sartu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Arestian aipatutako eguneratzea eta aldaketak egiten badira, errespetatu egingo lirateke bazkideek une horretara arte eskuratu dituzten eskubideak. Arestian adierazitako kasuetako edozein indarrean jarri eta Oro txartelari dagozkion onurak eta abantailak edozein bidez erabili eta/edo lortzen badira, joko da txartelaren titularrak eguneraketa eta/edo aldaketa horiek onartzen dituela.
8. Oro bazkideak bere kontuari atxikitako txartel gehiago jaulkitzea eska dezake bere familiako kideentzat. Bazkideak ezingo du inola ere eskatu BI Oro txartel baino gehiago (salbu eta egiaztatzen badu galdu egin duela edo lapurtu egin diotela). Txartel gehigarri horiek Oro txartelaren abantailak eta onurak izango dituzte, betiere bazkidea Oro txartelaren titular gisa alta emanda badago. Oro bazkidea erantzule izango da hirugarrenek haren kontuari lotutako txartelei ematen dieten erabileraren aurrean. Nolanahi ere, EROSKIk Oro bazkideari eska diezaioke identifika dadin ordainketa egiteko unean.
9. Alta-eskaera onartu ondoren, EROSKI clubeko Oro txartelaren titularra Oro programaren abantailak eta onurak izaten hasiko da. EROSKIk hilero kobratuko dio KUOTA Oro bazkideari (Oro Colectivos txarteleko bazkideei barne, hala badagokie), alta-eskaeran adierazitako banku-kontuan helbideratutako ordainagiri bidez. Oro bazkideak alta-eskaeran dagoen banku-kontuaren titularra izan behar du, eta, baldintza orokor hauek sinatzen dituenean, espresuki behartzen du bere burua betebehar hori betetzera. KUOTA ordaintzeak legezko eskubidea emango dio dagokion deskontua hil horretan jasotzeko. Oro txartelean dauden enpresa, elkarteek eta beste erakunde batzuek ordaintzen badute Oro Colectivos bazkideei dagokien KUOTA, EROSKIk hilero kobratuko die banku-kontuan helbideratutako ordainagiri bidez edo kasu bakoitzean hitzartutako moduan. Alta onartu ondorengo hilabeteko 5. eta 15. egunen artean, EROSKIk hileko KUOTA kargatuko du, bai Oro bazkidearen kontuan, bai eta, hala badagokio, Oro Colectivos txartelari atxikitako entitatearen kontuan ere. Epe hori ez betetzeak ez du esan nahi EROSKI S. COOP.-ek uko egiten dionik dagokion ordainagiria kobratzeari. EROSKIk KUOTA ordaintzeko beste modu batzuk ezar ditzake etorkizunean, egoki baderitzo.
10. KUOTA osorik ordaintzeak eskubidea emango die Oro bazkideei eta dagokion entitateko Oro Colectivos bazkideei hil horretan Oro txartelaren abantailak eta deskontuak jasotzeko. Oro bazkideak dagokion KUOTA osorik edo zati batean ordaindu gabe uzten badu, bertan behera geratuko zaio berehala programaren abantailak eta onurak jasotzeko eskubidea. Ondorioz, EROSKIk, hautematen duenean ez dela ordaindu, Oro txartelarenak bakarrik diren abantailak eta onurak desaktibatu ahal izango ditu bazkidearen txartele(ta)tik, une horretan bertan eta bazkideak bere egoera ekonomikoa erregularizatzen duen arte. Oro bazkideak ez badu bere egoera erregularizatzen ordaindu ez duen hilabetearen barruan, EROSKIk behin betiko baja eman ahal izango dio Oro txartelean. Kasu horretan, Oro bazkideak itzuli egin beharko dizkio EROSKIri KUOTA ordaindu gabe utzi ondoren lortu dituen onurak eta abantailak (halakorik lortu badu). Oro programaren bazkideak espresuki ematen dio baimena EROSKIri alta ematean adierazi duen banku-kontuan haien zenbatekoa kargatzeko. Hori ezinezkoa balitz, onura eta abantaila horien zenbatekoa txartelean metatutako saldotik deskontatuko da, saldoa edukiz gero. Azkenik, aurrekoa ere ezinezkoa balitz, EROSKIk judizialki erreklamatu ahal izango du dagokion zenbatekoa. Oro Colectivos txartelari atxikitako enpresek, elkarteek eta beste erakunde batzuek osorik edo zati batean ordaindu gabe uzten badute beren langile, bazkide eta gainerako kideei dagokien KUOTA, EROSKIk aukera izango du haien Oro txartelen abantaila eta onura esklusiboak kentzeko, berehala eta entitatearen egoera ekonomikoa onbideratu arte. Entitateak ordaindu gabe daukan hilean bertan ez badu bere egoera erregularizatzen, EROSKIk aukera izango du haren langile, bazkide eta gainerako kideei behin betiko baja emateko Oro programatik. Kasu horretan, entitateak itzuli egin beharko dio EROSKIri bere langile, bazkide eta gainerako kideek KUOTA ordaintzeari utzi ondoren jaso dituzten onurak eta abantailak, halakorik bada. Horretarako, Oro Colectivos txartelari atxikitako enpresa, elkarte eta beste erakunde batzuek espresuki ematen diote baimena EROSKIri dagokien zenbatekoa kargatzeko banku-kontuan. Hori ezinezkoa bada, aipatutako onura eta abantailen zenbatekoa langile, bazkide eta gainerako kideen txarteletan metatutako saldotik deskontatutako da, saldo metaturik badute, eta bakoitzak sortu duen zenbatekoari jarraikiz. Azkenik, aurrekoa ere ezinezkoa balitz, EROSKIk judizialki erreklamatu ahal izango dio atxikitako enpresa, elkarte edo erakundeari dagokion zenbatekoa.
11. Oro bazkideak eta/edo haren Oro txartelaren kontuari atxikitako txartel gehigarriak daramatzanak itzuli egiten bad(it)u Oro txartelekoa bakarrik den abantaila edo onura sorrarazi dio(te)n produktua(k), abantaila edo onura hori EROSKIra itzuliko da, eta EROSKIk bazkidearen EROSKI club kontuaren saldotik deskontatuko du. Bazkideak ez balu nahikoa saldo EROSKI club kontuan, EROSKIk kargatu ahal izango du lortutako abantaila edo onuraren zenbatekoa bazkideak programan alta ematerakoan adierazitako kontu-zenbakian; bazkideak espresuki baimentzen du hori baldintza orokor hauek onartzean. Oro Colectivos bazkideen kasuan, Oro Colectivos txartelari atxikitako enpresek, elkarteek edo beste erakunde batzuek ordaindu behar badute KUOTA baina kontuaren saldoa iristen ez bada, EROSKIk aukera izango du abantaila edo onuraren zenbatekoa kargatzeko entitatearen banku-kontuan. EROSKIk noiznahi kudeatu ahal izango ditu Oro txartelaren titularren saldoak, helburu honekin bakarrik: txartel hori erabiltzean (mugimenduak egitea, hala nola haiek erregularizatzeko eta/edo onbideratzeko egindako karguak zein ordainketak) gerta daitezkeen gorabeherak eta/edo akatsak konpontzea, benetan islatu ditzaten bazkide bakoitzak egindako mugimenduak. Baldintza orokor hauek onartzean, Oro bazkideak espresuki baimentzen du aurreko hori.
12. EROSKI Clubeko Oro txartelaren indarraldiak ez du epemugarik. Hala ere, EROSKIk eskubidea dauka nahi duenean eta alde bateko erabaki gisa hura azkentzeko, betiere aldez aurretik Oro programako bazkideei jakinarazten badie (baita Oro Colectivos bazkideei ere), gutxienez bi hilabeteko aurrerapenarekin. Jakinarazpen hori egiteko, xede horretarako normalean erabiltzen dituen komunikazio-kanaletako edozein erabil dezake. ORO programa azkentzeak ez dio eskubiderik emango bazkideari ezein kalte-ordainik jasotzeko. Hala ere, edozein kasutan, CLUBeko kide izaten jarraituko du, eta kontserbatu egingo ditu bere saldoak eurotan eta Travel club puntuak.
13. Oro txartelaren titularrak baja hartu nahiko balu programan, idatziz egin dezake. Behar bezala sinatuta eta postaz bidalita, Oro txartel guztiekin, honako helbide honetara: EROSKI, S. COOP. San Agustin auzoa z.g. – 48230 Elorrio (Bizkaia). Gutun-azalean honako hau adierazibehar du: “Ref. Datos: baja tarjeta Oro”. www.eroski.es webguneko EROSKI cluben duen gune pribatuaren bidez ere egin daiteke. Txartelaren titularrak baja ematen badu Oro txartelean, Ororen berezko onurak galduko ditu, baina eutsi egingo die CLUBeko kide gisa dagozkion abantaila eta onurei. Oro txarteleko baja eragingarria izango da ordaindutako azken KUOTAren indarraldia amaitzen denean, hots, hurrengo hilabeteko 1. egunean. Oro Colectivos programari atxikitako enpresa, elkarte eta beste erakunde batzuek beren langileek eta/edo bazkideek programan baja hartuko dutela jakinarazi ahal izango diote noiznahi EROSKIri, horretarako ezarritako prozeduraren bidez.
14. Oro bazkideak eta/edo Oro bazkidearen kontuari loturiko txartel gehigarriak daramatzanak azken kontsumitzaile batek familiaren eremuan erabiliko ez lituzkeen moduan, edo iruzurrez edo behar ez den bezala, erabiltzen baditu Oro txartelari loturiko deskontuak, eskaintzak eta, oro har, sustapenak, joko da urratu egin dituela baldintza orokor hauek. Halakorik gertatuz gero, EROSKIk adostuko du txartela(k) kautelaz blokeatzea (argitzen den arte zer egoeratan lortu edo trukatu ziren onurak eta/edo abantailak), edota bazkide horri behin betiko baja ematea Oro txartelean. Era berean, EROSKIk uko egin diezaioke Oro txartelean alta emateari CLUBeko baldintzak aldez aurretik urratu dituen eta/edo EROSKIri (eta/edo Travel clubi) eta/edo EROSKI Taldeko beste edozein sozietateri edozein motatako kaltea eragin dion eta/edo haietako edozeinekin zorrak dituen edozein pertsonari. Titularrak, Oro txartela galtzen badu edo osten badiote, lehenbailehen eman behar du horren berri Bezeroen Arretarako 944 943 444 telefono-zenbakian edo edozein EROSKI zentrotan.
15. Oro txartelari osoki aplikatzekoa da EROSKI cluben baldintza orokorretan jasotako datu-tratamendurako politika (bereziki EROSKI club txartelaren baldintza orokorretako 10. xedapena), bai eta Travel clubeko baldintza orokorretan jasotakoa ere.
16. ATZERA EGITEKO ESKUBIDEA. Eskubidea daukazu kontratua atzera botatzeko eta Oro programan baja eskatzeko, inolako justifikaziorik eman beharrik gabe, altaren berri ematen zaizun datatik hasita 14 egun naturaleko epean, gehienez. Atzera egiteko eskubidea gauzatzeko, kontratua atzera botatzeko hartu duzun erabakiaren berri eman behar duzu postaz gutun bat bidaliz helbide honetara: EROSKI S. COOP., San Agustin auzoa z.g., 48230 Elorrio, Bizkaia. Gutun-azalean honako hau adierazi behar duzu: “Erref.: Oro programan atzera egitea”. Erabil dezakezu bukaeran dagoen atzera egiteko formulario-eredua, baina ez da nahitaezkoa hori erabiltzea. Atzera egiteko aurreikusitako epea betetzeko, eskubide hori gauzatu duzula jakinarazi behar duzu epe hori iraungi baino lehen. Atzera egitearen ondorioak: Atzera egiten baduzu, EROSKI S. COOP.-ek kobratutako kuotaren zenbatekoa itzuliko dizu (kobratu badizu), justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe, eta, nolanahi ere, beranduenez, Club Oron baja ematea erabaki duzula jakinarazten diguzun datatik hasita 14 egun naturaleko epean. EROSKI S. COOP.-ek diru hori itzuliko du, hala badagokio, hasierako transakzioa egiteko erabili zenuen ordainketa-modu bera erabiliz. Nolanahi ere, ez da gasturik eragingo dirua itzultzearen ondorioz. Hala ere, EROSKI S. COOP.-ek ken ditzake itzuli beharreko zenbatekotik altan zehar lortutako eta zure EROSKI club txartelean pilatutako onura ekonomikoak. ATZERA EGITEKO ESKUBIDEAREN EREDUZKO formularioa Norentzat: EROSKI San Agustin auzoa, z.g. 48230 Elorrio Bizkaia Faxa: Helbide elektronikoa: Honen bidez, __________________________ jaunak/andreak, adinez nagusia (NAN: __________________; helbidea: ____________________), jakinarazten dizut atzera botatzen dudala EROSKI Club Oroko alta. – Kontratu-zenbakia: – Kontsumitzaile eta erabiltzailearen sinadura. – Data
Laster eroskiren web berria euskaraz eskuragarri izango duzu, horrela eduki guztietaz zure hizkuntzan gozatu ahal izango duzu
Barkatu eragozpenak